XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nahiko lan badugu bestela ere mende-amaiera ziztrin honetako ganboar eta oinaztarrok, gure artean, literatura dela eta ez dela ere, hitzetik hortzera edo hitzetik horzkadara ibili gabetanik.

Idazteko desioa ilunkiago baina beti da desioari buruz idazteko desioa; azken finean, desio ezinezkoari buruz idazteko desio ezinezkoa -dio Guido Mannoni literatur kritikoak.

Ederki gaude.

Hori hala baldin bada, eta baliteke izatea, a ze ofizio edo afizio inozoa gurea.

Gure erdara ohizkoan esanda, apaga y vámonos.

Baina itzali?

Ez, hobe erretzea.

Erre itzazue, beraz, edozein bazterretan Arrotzarena eta Neurtitz neurgabeak, kiskali Bertso-paper printzatuak, erraustu Mintzoen mintzak.

Ez baitute ezertarako balio.

Letra hilak dira, desio ezinezko baten hondakin hutsalak.

Hala dinost bederen neure baitako Arratoiak lizentzi baldin bazait Atxagarenetik mailegu hau hartzea, plajio hitz badaezpadakoa alde batera utziz, denok baititugu geure gogartean halatsuko ahotsak, baita bestelakoak ere, Sabino-ak alegia.

Gaur, ordea, isilarazi egin beharko neure Arratoi hori, batere atarramendu onik aterako badugu, bere kasa utziz gero ikaragarriak esaten dizkit-eta, bere betiko partitura mingotsa karraskatuz:

poeta txarra haiz, motel, xirula marrantatu zaion Pindaro herren eta ridikuloa, belaunaldi derrotatu baten panegirikotan espezializatua...., etabar, etabar.

Nazkagarri hutsa baita, ikusten duzuenez, nire erraietako Arratoi hau.

Ez dakit nondik datorkidan:

erruduntasun-sentimendu gaizki sendatu baten mamua ote?, jaso (eta jasan) dudan hezkuntza erlijioso larderiatsuaren itzala, agian?, erro sakonagoak dituzkeen fantasma pamerial baten errainua?...

Nahiago nuke neronek baneki.

Eta luzamendutan ibili gabe, aurkeztu egingo dizkizuet berehala gaur hona zuen aurrera dakartzadan izar gonbidatuak.

Saiatu naiz parte txarrekoak izan ez daitezen halakoak zazpi destatuz urrunarazteko konjuroak ere bazeuden gure arbasoen garaian.

Behinola manu militari mehatxupean dantzarazi nituen txotxongilo haiek ere ez dira: jubilazioa eman diet, oraingoz.

Nolabait, Bernardoreneko Sabino-ren tankerakoagoak dira, nik uste (...)